13/10/2024 18:42

Zer da Udal-errolda eta zer da INEren errolda-basea?

Udal-errolda udalerriko bizilagunak jasotzen dituen administrazio-erregistroa da. Espainian bizi den pertsona oro bizi ohi den udalerriko erroldan inskribatzera behartuta dago, eta hainbat udalerritan bizi denak urtean denbora gehien bizi den udalerrian soilik inskribatu beharko du. Udal-errolda osatzea, mantentzea, berrikustea eta zaintzea Udalari dagokio, eta errolda horretako datuak udalerrian bizilekua izatearen eta ohiko bizilekua udalerrian izatearen froga dira.

Udal-errolda guztiak koordinatzeko, haien artean bikoiztasunik egon ez dadin, INEk errolda-base bat du, udal-errolda guztiekin osatua, eta hilero eguneratzen da, udalek bidaltzen dituzten aldaketekin. Koordinazio hori Atzerrian bizi diren Espainiarren Erroldarekin ere egiten da.

Nola kontsultatu era telematikoan udalerrien historikoa INEren errolda-basean?

Ziurtagiri elektronikoa duen edozein pertsonak era telematikoan kontsultatu ahal izango du erroldatuta egon den edo dagoen udalerrien zerrenda, INEren errolda-basearen arabera.

Eskaera egiteko, EINEren Egoitza Elektronikoan dagoen INEren errolda-baseko udalerrien historikoaren Kontsulta telematikora jo ahal izango da, nortasuna sinadura elektroniko aitortuarekin egiaztatuz. Ez da informaziorik emango nortasun-ziurtagiri elektronikoko datuak eta erroldako azken inskripziokoak guztiz bat ez datozenean.

Nork kontsulta dezake era telematikoan udalerrien historikoa INEren errolda-basean?

Udalen bateko udal-erroldan inskribatuta dagoen edo egon den edozein pertsona interesdun, baldin eta INEren egoitza elektronikoak aitortutako ziurtagiri elektroniko bat badu.

Zer datu erakutsiko ditu kontsultak?

Interesduna INEren errolda-basean erroldatuta egon den udalerrien zerrenda, 1996ko maiatzaren 1ean eratu zenetik azkenekoz eguneratu arte.

Informazio hori pantailan agertuko da, eta inprimatu ahal izango da.

INEren errolda-baseak zergatik ez ditu jasotzen erroldatuta egon zaren udalerri guztiak?

1996ko maiatzaren 1eko azken errolda-berritzearen fitxategietatik abiatuta sortu zelako. Udal-errolda guztiak koordinatzeko sortu zen, horien arteko bikoiztasunak saihestuz, eta sortu zenetik ez zuen zure datuei buruzko ziurtapen helbururik, eginkizun hori Udalena soilik baita.

Beraz, legeriak ezartzen duenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren esku dauden errolden datuak ezin izango dira errolda-ziurtagiriak edo -agiriak egiteko oinarri izan; izan ere, horiek Udaleko Idazkariak edo hark eskuordetzen duen funtzionarioak emango ditu, agiri publiko eta fede-emaileak direlako ondorio administratibo guztietarako, udalerrian bizilekua izatearen eta ohiko bizilekua udalerrian izatearen froga gisa.

Koordinazio-basea osatzea lan konplexua izan zen, eta urte batzuk behar izan ziren Espainiako udalerri guzti-guztien errolda-fitxategia edukitzeko, eta ezin izan zen bermatu fitxategi hori historikoki osorik egongo zenik, ezta datak zehatzak izango zirenik ere. Aldi berean, udalerri batean baino gehiagotan izena emandakoak ager zitezkeen, eta baita udalerri bakar batean ere inskribatuta ez egotea ere. Hori gertatzen da, ezarritako zehaztapenekin bat ez etortzeagatik edo basearen koordinazioarengatik ezetsitako errolda-aldaketak daudelako; izan ere, aldaketa horiek ezin dira sartu atzera begirako ondorioekin, baldin eta biztanlearen bertsio eguneratuagoa badago; beraz, baliteke errolda-historiaren aurreko aldiak ez agertzea, ezta aldi bikoiztuak, edo existitzen ez direnak ere.

Hori dela eta, INEk aplikazioak eta datu-baseak garatu ditu legeriak agintzen diona betetzeko, eta agindu hori inola ere ez da ziurtatzea, ezta historikorik edukitzea ere.

Non eskatu behar dira inskripzio-datak eta helbide-datuak jasotzen dituzten errolda-ziurtagiriak edo -agiriak?

INEren errolda-basetik lortutako udalerrien zerrendan erroldatze-aldiak eta -helbideak zehaztuta dituzten errolda-ziurtagiriak edo -agiriak lortu behar izanez gero, dagokien Udaletara jo beharko da zuzenean.

©  INE 2024      Avda. Manoteras, 52 - 28050 - Madrid - Espainia Tlf: (+34) 91 583 91 00